Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

POLIEDROAREN HOSTOAK (1982)

Joan Mari Irigoien
Lourdes Otaegi

Poliedroaren hostoak liburuak ibai-eleberri historiko deritzenen artean sailkatzeko moduko ezaugarriak ditu, eta egileak hain gogoko duen errealismo magikoaren eran idatzia da gehienbat, aurreko Oilarraren promesan (1976), eta, neurri batean komentagai dugun honen “seme” den Babilonia (1989) ospetsuan bezalaxe.

Poliedroaren hostoak (Erein, 1982) [itz.: La tierra y el viento, Ed. Hiru,1997], 1980an Azkue Saria eta 1982an Kritika Saria irabazi zituen. M. J. Olaziregik esaten duenez, autorearen nobela handinahi, esperimental eta berritzaileena da eta iritzi horretan bat dator I. Aldekoa ere (1998, 43.), nahiz eta irakurlegoak harrera beroagoa egin dion 1989ko Babiloniari.

Liburuan kontatzen diren gertakarien protagonistak bi familiaren bost belaunaldian zehar suertaturikoak dira. Alde batetik, Elizalde sendia, karlisten aldekoa eta bestetik Ibargoyen familia liberala. Bi sendien arteko harremanak eta ezin eramanak azaltzen dira liburuan zehar Lehen Gerra Karlistatik Francoren garaia arte.

Liburuko kontalari nagusia hasieratik agertzen da narrazioa osatzeko bere osaba Joxe Ibargoyenen eskuizkribuaz baliatu dela esanez. Hortik aurrera liburuan nobela osoa lehenaldian kontaturik dago.

Bi atal nagusi eta argi bereizten dira liburuan. Lehenengoan bi kontalari mintzo dira; batetik, Ibargoyendarra den Joxek, hizkera mitiko-poetikoa erabiliz, Elizaldeko sendi karlistaren eta Ibargoyengo liberalen arteko gorabeherak kontatzen ditu; bestetik, Elizalde sendikoa den eta lekuetan eta denboran zehar iragaiteko gaitasuna duen Martzelinaren ahotsaren bidez, belaunaldietan zehar gertaturiko gorabehera xume-poetikoagoak ere agertzen dira.

Bigarren zatian, aldiz, hastapenean agerturiko narratzaileak (Joan Mari idazlearen beraren trasuntoak) bere osaba Joxeren heriotza ikertzen dihardu, haren bizitza beti inguratu zuen misterioa argitu nahian. Intriga poliziakoa sortzen da, protagonista eta kontalari bilakatzen da idazlea bera, lehenengo zatiaren azken belaunaldikoa den Joxe pertsonaiaren bila abiatzen delarik.

Nobelako lehen lau belaunaldien mundua (XIX. mendekoena) maila magikoan kontatua dago, bosgarrena aldiz, XX. mendekoa, modu errealistagoan. I. Aldekoak adierazi zuen moduan, hiru belaunalditan elkarren aurka egondakoak bat egin behar dute aurrerantzean errepresioari aurre egiteko botere faktikoen aurka (apaiz, eskribau, militar, jauntxo eta beste).

Argiako elkarrizketan lehen zatiari buruzko argitasun gehiago ematen ditu: “Lehendabizi kapitulu batzuk egin nizkian, nik bizi izandakoak. Errepresio gaia hartuz. Jo dezagun errepresio politiko edo erlijiosoan oinarrituta. Esan zeitekek “Cara al sol” eta “Sagrado Corazón de Jesús”. Orduan moldatu nizkian haiek. Baina gauza gehiago nahi nian. Bururatu zitzaidan karlistadak eta erabiltzea. Nere asabak hor finkatuz…” (19 or.)

Egileak berak iragarri bezala, irakurketa kritikoek bigarrenaren suspense poliziakoaren erakarmen gaitasunaren aldean, lehen atalaren irakurtzeko zailtasuna sumatu dute, haren mintzaira poetiko-filosofikoa dela bide ziurrenik. Iñigo Kamino kritikoaren ustez, karga ideologiko handia du atal honek eta adierazteko molde gisa, bost belaunaldi ezberdinetako pertsonaia hilen arteko elkarrizketa gisan eratua egoteak ere korapilatu egiten du irakurketa.

Argumentua azaltzean aipaturiko hiru pertsonaia kontalariak dira garrantzitsuenak Martzelina, Joxe eta Joan Mari bera dira, baina eskematikoki irudikatuak ageri dira, Iñigo Kaminoren iritziz, “nobelan adierazi nahi diren sinboloen eta mezuen zerbitzutan daude bereziki.” Egileak, aldiz, Argiako eta Susako elkarrizketetan nobelako pertsonaiak “puruak” direla dio, eskematikoak, elkarrekin dialektikan dihardutenak, baina bost belaunaldik aurrera egin ahala (hiru gerrate karlistetakoak, gerra zibilekoak eta idazlearena berarenera iritsi arte) hasierako haien ezaugarriak bateratu eta nahastu egiten dira azken belaunaldian osaba Joxerengan amalgama ematen den arte”.

Nobelaren gai edo mezu nagusia Iñigo Kaminoren ustez, errealitatearen erlatibismoa da: ez dago absoluturik, ez dago behin betirako berdin irauten duenik eta prisma ezberdinetatik ikus liteke errealitate bat eta bera. Joan Mari Irigoienek bere obra honi buruz emandako hitzaldi eta elkarrizketetan sarritan argitu du beronen funtsezko sinbolikotasuna: alde batetik, beragan sumatzen dituen mila pertsona ezberdin horien arteko dialektika da poliedro figurak errepresentatzen duena. Milaka pertsona ezberdin horiek, berriz, Karlos Otegiren hitzetan esateko, “sintesi osagarri baten bila borroka dialektikoan diharduten indarrak dira, azken euskal belaunaldien historian mamitzen diren indarrak: karlismoa, liberalismoa, gerra zibila, frankismoa… guzti horiek egileak bere izaera pertsonalaren bila burutzen duen azterketa da” (“Euskal sorketa literarioa (1939-1984). Hurbilketa deskriptiboa” in AA:VV: Euskal Herria, errealitate eta egitasmo. Realidad y proyecto. Caja Laboral Popular, Donostia, 1985, 334-348).

Irigoienek Hegats aldizkariko mintzaldian jasotzen duen Karlos Otegiren iruzkin honekin bat egiten du: “Euskal Herriko funtsezko indar eragileen interpretapen sinbolikoa da (“lurra”, tradizio, fede, ohitura eta mugigaiztasunaren sinboloa; “haizea”, askatasun, zientzia, asmakuntza eta mugakortasurena)”(247 or.). Joan Mariren hitzekin esateko, “nobela honetan gaurko gizonaren konplexutasuna nuen aztergai, gure ustezko nitasunaren barruan beste ehundaka nitasun erroturik baleude bezala” (248 or.)               

Aldizkarietan argitaraturiko elkarrizketa batzuetan eta besteetan ere funtsezko ideia honi eusten dio Joan Mari Irigoienek. Habekoan, esaterako, honela zioen bere nortasuna eta nobelan islatzen duen belaunaldiarena identifikatzen zituelarik: “Poliedroa alde askotako irudia da. Nik uste dut alde askotako pertsona naizela, eta ez alde bakarrekoa. Jatorrizko arbolaren hosto diferenteek osatzen dute ni naizen poliedro hau. Halakoa naiz eta beste era batekoa ere banaiz. Pertsona konplexua da eta aurrekoen izakera diferenteen nolabaiteko fruitua. Eta prozesu hori historia baten bidez kontatu dut, karlisten eta liberalen izateko modu desberdinetik abiatuta. Liberalak aurrerakoiak eta libreak ageri dira, haizearen irudipean. Karlistak, aldiz, atzerakoiak eta lotuak. Karlistak lurra dira, lurretik goragoko guztia Jaungoikoa da. Bi printzipio hauen arteko nahasketaren fruitu naiz ni, haizearen eta lurraren nahasketatik sortu den poliedroa” (7. or.)

M. J. Olaziregik lehen zatian lurraren eta haizearen sinboloek duten garrantzia azpimarratzen du bereziki: “() bi osagaik identifikatzen dituzte familiak: lurrak eta haizeak. Lurrak Elizalde familia karlistaren kideen tradizioa, erlijiozkotasuna eta inmobilismoa sinbolizatzen ditu. Haizeak, berriz, Ibargoiendarren aurrerazaletasuna, arrazionalismoa eta mugikortasuna sinbolizatzen ditu. Bi sinboloak nagusitzen dira nobelaren lehen zatian, eta haren erregistro mitiko-poetiko baldintzatzen dute.(148-149 or.)

Bestalde, egileak bere nortasunari buruzko azterketaren nobelatzat aipatzen du: “…ni naizen ke honi etxe bat bezala aurkitu nahi zioat. Fijatu egin nahi diat. Esplikazio bat aurkitu nahi zioat horren bidez. Orduan, bada nik ulertzen diat bizitza kontrarioen arteko borroka bezala, ez diat zuririk gabeko beltzik ulertzen. Dena nahastuta ziak.” (“Joan Mari Irigoien” in Susa, 1981, VI. alea, 41 or.) “Nire asaba horiek nire parte ere badituk. Haizezko eta lurrezko ziren horiek, ez ziren han gelditu. Maila batean nire parte dira. Eta nola familiakoak diren, halako arbola genealogiko bat osatzen dute. Horiek dituk arbola genealogikoaren hostoak. Eta hosto horiek poliedro baten eran itxi egiten dituk, eta poliedro horretan ni sartuta nagok, eta ni nauk poliedro hori”.  (Argia 20 or.)

Nobelan islatu du autoreak poliedro horren itxitasuna hautsi eta ihes egiteko duen beharra, eguzkiaren deskubrimenduaren zentzua; aldi berean, ordea, egileak beragan bizi duen pertsonai grisaren deskubrimendua ere egiten du, Danteren infernuan torturaturik bizi den pertsonaia ere badela. Izan ere,

Habe aldizkariari emaniko elkarrizketan aitortu zuen moduan, betiko galdera metafisikoek beretzat garrantzia handia dute, eta bereziki heriotzaren galderak bere hausnarketetan duen garrantzia handia da, eta nobela honetan zer esanik ez: “Konturatu bazara, Poliedroaren hostoak liburuaren azalean, erdi erdian ageri dira poliedroaren zenbait alde, baina giza buru-hezur bat dago guztien gainetik” (Habe 9. orr) Horregatik, liburuaren hasieran eta amaieran kokatu dituen galdera ikurrek, jaiotzari eta heriotzari buruzko funtsezko galderen errepresentazio dira: “ene barnean sentitzen diat ez diat esango Rulfo bat, baina bai haren itzala. hark idazten duenaren itzal bat. Eta handik niak” (Susa 32-33 or.)

Formalki ere poliedroaren egitura eman nahi izan zion liburuari, gizonaren barne-haustura horiek adierazteko egoki iruditu zitzaion kapituluak teknika, erregistro eta erritmo desberdinetan idaztea, espazioa eta denboraren etengabeko jauziak tartekatuz, kutsu filosofiko-metafikoa zuten gogoetak, elkarrizketa poetikoak, anekdota fantastikoak, polizi moldeko miaketa, barne-bakarrizketa nahasia, aztikeria, exotismoa, herrikoitasuna, hitz-jokoak, grafismoa, e.a. (Irigoien, Hegats “Nire idatz.. “, 248 or.)

Garaiko kritika-lanen artean, Iñigo Kamino eta K. Otegirenaz gain,  Jon Kortazarrek eginikoak dira aipagarri, bere garaian (Idatz eta Mintz eta Jakin aldizkarietan) eta gerora Euskal literatura XX. Mendean (2000). Azken honetan liburua eleberri historikoen artean kokatzen du, eta ahalegina, “saialdi kementsua” (239) izan dela azpimarratzen du. Horretan bat datoz M. J. Olaziregi, hasieran esan denez. I. Aldekoa ere iritzi berekoa da baina ñabardura batez:”Nobelaren mardulak ez dio iruzurrik egiten saioaren ahaleginari. Ahalegin horretan anbiziotsuegi ere jokatu ote duen pentsa liteke” (Mendebaldea eta narraziogintza, 1998, 40 or.)

Argitaratu zen garaiko bi artikuluetan liburuan guztiz nabariak diren estilo aldaketak aipatzen ditu Kortazarrek: “Gairik gai, kapituluz kapitulu teknika eta tonu desberdinak bilatu ditu Irigoienek…” (Idatz eta Mintz, 35 or.). Pertsonaien taiueran batez ere datu etnografikoen pilaketaren bidez egiten dela aipatzen du Jon Kortazarrek, baina teknika behin eta berriro erabiltzen duenez, nobelaren aberastasuna zalantzan jartzen dela dio. Nobela pertsona desberdinek kontatua balego bezala egiten dela esaten du Jakineko artikuluan, “heteronimoen jokoa erabili nahi izan da (…) pertsonaia desberdinen estilo desberdinez kontatua balego bezala jokatu da” (272 or.). Baina Jon Kortazarren ustez, saioa hori bazen ere, autoreak ez du lortzen benetan estiloa aldatzea batetik bestera, ikuspuntuak aldatu ditu, baina joskera eta taiuera beti bera da: “Poliedroaren alde desberdinok, gure gizartearen murala osatu nahi dute. Eta horretarako, collage teknikaz baliaturik, osotasunaren bila abiatu da idazlea” (273 or.)

M. J. Olaziregiren iritziz, berriz, hizkera erregistro mitiko-poetikotik urrun dago hurbilago dago estilo errealistatik, detektibe istorioei dagozkien zenbait teknika eta estrategiaren erabilerak erakusten duenez.

Jon Kortazarrek narrazioari ezarri zaion collage egitura, poliedro egitura eta narrazioaren beraren arteko batasun falta ikusten du, egitura gainezarria dela ikusten du: “Kapituluen izenak razionalismo berezi baten aztarnak ditugu, ez gero historiak kontatuko duena” (273 or.).

Planifikazio gisako hori antonimiaren jokoan oinarritzen da, Kortazarren ustez: lurrezko/airezko, karlista/liberala, mitoa/zientzia, hezurrezko/odolezko… Munduaren halako irudi berezia eskaintzen duela diosku Kortazarrek, baina egitura aldetiko batasun honek ez du estiloaren aldetiko islapen egokirik.

1980ko hamarkadako kritikoen artean, Iñigo Kaminok eta Jon Kortazarrek, gerora M. J. Olaziregik egin zuen bezala, lan anbiziotsutzat hartzen dute eta fabulazio gaitasun handikotzat. I. Aldekoak, esaterako gogoan hartzen du, liburuak Irigoienen saio esperimental hau Hamaseigarrenean aidanez baino lehenagokoa dela. Baina gertakariak errealismo magikoa delako horren baitan kontatzen direnez, fabulazio gaitasun handia adierazten badute ere, beren barrokotasunagatik, nekagarri, itogarri ere gertatzen direla esaten dute Kaminok eta Kortazarrek, eta azkenean, kontaketa luzetxoa gertatzen zaiola irakurleari. Bestalde, biek aipatzen dute liburuaren batasun faltaren arazoa. Iñigo Kaminok teknikaz eta taxuz bi nobela ezberdin ikusten ditu, Kortazarrek aldiz, nobelaren alderik kezkagarriena zera dela dio: “hainbat teknika, hainbat pasarte, collage eta orrialderen zentzua ez dela argiegi ikusten” (275 or.). Iñaki Aldekoak ere, gehiegikeriaren susmoa hartzen du: “Beharbada, gehiegi dago, eta gehiegi horretan eskematikoegia gertatzen da XIX. mendeko karlistaldien planteamendua. Historiaren barrutik egindako interpretazio magiko baten ordez, historiako topiko nagusien errekreazio magikoa dirudi”(42).

Azkenik, literatur eraginen gaia ere aipatzen dute kritikoek. Jon Kortazarrek argitaraturiko artikuluetan aipatzen duenez, “Nabariegiak dira hemen Hego-Ameriketako iturriak. Lehenik Márquez: (…) euskal Cien años.. dirudi nobelak. Denboraren ziklotasunak, familiaren historiak, matriarkaren bizitza luzeak (G, Marquezen Ursula eta Irigoienen Martzelina) kolonbiarraren mundua adierazten badute ere, haren narratibaren osotasuna eta hariaren batasuna falta zaio honi”. Egileak berak Arguedasekiko zorra espresuki aipatzen da liburuan, baina Marquez eta Arguedasez gain, Rulfo-ren Pedro Paramotik zuzenean datoz hilen arteko elkarrizketak. Idatz-Mintz aldizkarian argitaraturiko artikuluan Cien años de Soledadekin duen antzekotasunari buruzko zehaztasun gehiago erantsi zituen Kortazarrek: “García Márquezek herri baten historiaren inguruan mogitzen ba eban bere kontaera, eta narrazioak herria azaltzen ba eban, ez deutso horri jarraitu Irigoienek, nobela bere izaera eta jokera pertsonalak aztertzeko egina dogu eta Poliedroaren hostoak nobelan historian aurretik izan diran pertsonaien jokerez osotutako pertsonai bat azaltzeko zuzendua dago. Joan Mari Irigoien, hain zuzen.” (Idatz-Mintz 35 or.)

Iñaki Aldekoak ere garrantzia ematen dio egileak bi nobelagile amerikarren, García Marquezen eta Rulforen liburuetako ekarpenak bere eleberrian itsatsiz saiatzen dituen kontamolde berriak, hain zuzen ere, horrexen ondorioz deritzo “literatur saio benetan interesgarri eta estimagarria” dela liburu hau (43 or.)

Olaziregik ere jasotzen du literatur eraginak bere obran errotzeko eginiko ahalegin handiaren alderdi hau: “Obraren lotura intertestualei dagokienez, lehenago ere iradoki ditugu: alde batetik, Cien años de soledad, Irigoienen lana “ibai nobela” eta zenbait belaunaldiren narrazioa den aldetik, eta Pedro Paramo, bestetik, kontuan hartzen baditugu hildakoen arteko elkarrizketa luzeak, ugariak baitira, halaber, Irigoienen nobelan. Gure ustez, Poliedroaren hostoak autorearen prosa poetiko-magikoaren adibide onenetakoa da, eta benetan iradokitzailea suertatzen da obra honen irakurketa.(149 or.)

BIBLIOGRAFIA

ALDEKOA, I. (998):  Mendebaldea eta narraziogintza. Erein. Donostia.

KAMINO, I.  (1983): “Poliedroaren hostoak-en irakurketa ohargabearen ondoren” in Argia. 1983-III-6. 29 or.

KORTAZAR, J. (d.g.): “Joan Mari Irigoien: Poliedroaren hostoak. Mitotik mitora” in Idatz eta Mintz. 5 zb. 35 or.

KORTAZAR, J (1983): “.Joan Mari irigoien-en Poliedroaren hostoak: zientziatik iraganiko mitoa”. Jakin. 26/27 zb. 271-275 or.

KORTAZAR, J. (2000): Euskal literatura XX. Mendean. Pramés. Zaragoza.

OLAZIREGI, M.J. (2002): Euskal elaberriaren historia. Labaury ikastegia, Amorebieta-Etxanoko Udala. Bilbo.

OTEGI, K (1985): “Euskal sorketa literarioa (1939-1984). Hurbilketa deskriptiboa”, in Intxausti, Joseba (zuzendaria): Euskal Herria. Errealitate eta egitasmoa, 2. liburukia. Lankide Aurrezki Kutxa.  Donostia. 392-403. orr

URIA, I. (1981): “Joan Mari Irigoien” in Susa. VI. alea.  29-43 or.

URIA, I; BASTIDA, L. (1980):  “Juan Mº Irigoien poliedroak kraskatzen” in Argia. 1980-XII-28. 17 or.

X.X. (1985):  “Joan Mari Irigoien, alde askotako  polieedroa”  in Habe. 72 zb. 6-9 or.

*J. M. Irigoienen Poliedroaren hostoak (1982) liburuaren lehen edizioa 1980an argitaratu zuen Euskaltzaindiaren Azkue sariak. Gerora berriz, birmoldaturik argitaratu zuen egileak 1998an.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus