Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

POLITIKAREN ATARIAN (1969)

Rikardo Arregi
Ibon Egaña

1960ko hamarkadan, euskalduntasun berriaren definizioan eta garapenean, eragile garrantzitsu izan ziren Rikardo Arregiren (Andoain, 1942-1969) pentsamendua eta ekina. Kultura gaurkotus eta hiritarra, hiztunari nonahi baliagarri izango zitzaiona, huraxe behar zuela izan euskarak izan zen egilearen apustua, eta bide horretan jarri zituen indarrak. Euskal kontzientzia berria, tradizioa ukatu gabe aurrera begiratuko zuena, garatu ahal izateko ezinbestekotzat zuen kazetari eta pentsalari gipuzkoarrak alfabetatzea, hots, kultura idatzia lantzea eta hedatzea, eta zeregin horri lotu zitzaion hala formulazio teorikoen bidez nola sorkuntza-lanen bidez ere.

Alfabetatzearen eta euskalduntzearen aitzindari izan zen Arregi. Bada. alfabetatze kanpainek, bestelako azpiegiturez eta baliabideez gain, behar-beharrezko zituzten euskaldun irakurle berriaren neurrira egindako irakurgai orotarikoak, eta behar horri erantzuteko asmo garbiz egindakoa da Rikardo Arregiren Politikaren atarian lana, xede bertsuko hamaika lanen aurrekaria.

Liburuaren atarikoan biltzen da egileak 1969an argitaletxeko lankideei irakurritako testua, non ordura arteko euskal argitaletxeen politika editorial okerra (eta politikarik eza) kritikatzen baitu, euskal produkzio editorialak zein oinarri izan behar lituzkeen zehazteaz batera. Ordura arte, euskal argitaletxeek bat-batekotasunez eta konformismoz jokatu zutela salatzen du Arregik, ez zutela irakurle berriak bilatzeko ahaleginik egin; halaber, argitaletxeek ez ziotela literatura gazteari lekurik egiten, eta irakurlegoa ohiko produkzioarekin (kostunbrismotik gertu zegoen tematika zaharreko liburuekin) aseta zegoela dio Arregik.

Horiek horrela, Lur argitaletxearen edizio-politika izango zena aurkezten du egileak, eta oinarri hauek behar zituela baieztatzen: kulturaren dibulgaziozko oinarrizko liburuen lehentasuna, euskaraz kultur gaietan zen testu gabezia leundu asmoz; halaber, erdal egileen obra nagusien atalkako itzulpenenen lekua balioesten da. Beharrizanen hierarkia horretan, literatur testuak bigarren mailakotzat jotzen zituen Arregik, baina argitaratu beharrekotzat, izan jatorrizkoak, izan itzulpenak. Asmo horiek aintzat hartuta sortu zen Lur editorialaren baitako Hastapenak saila, Politikaren atarian hau izan zuelarik lehen emaitza.

1963tik aurrera, politikaz, batez ere atzerrikoaz –zentsurak bertakoaz idaztea galarazten baitzuen–, hainbat artikulu eman zuen argitara Arregik Zeruko Argian, maiz atzerrikoaren bidez zeharka Euskal Herriko politika ahotan hartuz. Polemika-piztaile izan ziren hamarkada hartan andoaindarraren artikulu zenbait, dela politikaz dela ezkerreko ideologiez edo euskalduntasunaren izaeraz mintzo zirenak. Bada, artikulu haien lagin bat bildu eta argitaratu zuen Joan Mari Torrealdaik Herriaren lekuko (1972) bilduman.

Arazo politiko zehatzen gaineko artikulurik eta polemikarik plazaratu zen sasoi hartan, baina, zehatzetik orokorrera eginez, politikaz, orokorrean, ikuspegi zientifiko eta teorikotik jardutea izan zen egilearen helburua Politikaren atarian ontzean. Hala, liburu hau euskarazko politika-zientzien arloko lehenengo lana da, eta horren jakitun da egilea, sarrerako oharrean argitzen duenez. Ezagutzen ditu Arregik euskaraz gai politikoez egin izan diren lanak, XIX. mendetik aurrerakoak, baina modu teorikoan gaira hurbiltzeko lehenengo ahalegina da andoaindarrarena. Horrek dakarzkion mugez eta abantailez jabetzen da egilea, eta halaxe aitortzen du liburuko sarreran. Liburuaren balizko irakurleei buruzko galdera plazaratzen du, halaber, Arregik: “zeintzuek izan ditezke liburu honen irakurleak?” (18). Izan ere, egilea jakitun zen alfabetatutako euskaldun gutxi zegoela garai hartan, zer esanik ez, are gutxiago ziren unibertsitate-mailako formazioa euskaraz jasotakoak. Hori gogoan harturik, baina hargatik populismoan erori gabe, euskaraz irakurtzera usatuegia ez zen hartzailearentzat ere baliagarria izango zen dibulgazio-lana egitea hartu zuen xedetzat.

Arregiren hitzetan, euskal kulturaren eguneratze programatuan bi fase bereizi behar lirateke: lehen aroan, beste hizkuntzetan beste egileek egindako lanak euskaratzea eta jakintza hori sintetizaturik euskaldunei eskaintzea litzateke xedea; bigarren aroan etorriko litzateke euskaraz zientzia politikoan nahiz bestelako diziplinetan pentsamendu propioa sortzea. Bere lana lehenengo aroan kokatzen du, ezbairik gabe, Arregik. Bestalde, sarreraren amaieran, liburuan behin eta berriz errepikatzen den ideia aurreratzen du: liburuaren xedea, zientzia politikoena bezala, ez da gauzek nola izan behar duten deskribatzea, ezpada errealitatean gauzak nola diren azaltzea.

Arregi hil ostean publikatu zen liburua, bere anaiek, Josebak bereziki, edizio lanak egin ostean. Emaitza, hiru atalez osatutako politologiarako (“politikologia” terminoa darabil berak) sarrera dibulgatiboa da.

Lehenengo atalak, “Politika hitzari buruz” izenekoak, terminoaren etimologian eta erabileran arakatzen du: etimologia greziarra azaldu ostean, jatorrizko terminoaren esanahia argitzen du Arregik, harekin lotutako beste zenbait termino zehazteaz gainera (polisa, politeia, herria eta abar). Bigarrenik, hitzak eguneroko erabileran hartu ohi dituen esanahiak eta ñabardurak aztertzen ditu Arregik, eta izan ohi diren interpretazio okerrez ohartarazten du irakurlea.

Liburuaren bigarren atalak “Politikologia: politikaren zientzia” titulua darama, eta zientzia politikoaren oinarriak aurkeztea du xede. Horretarako, zientzia politikoa edo “politikologia” zer ez den azaltzen du Arregik: ekonomiarekin, soziologia orokorrarekin eta zuzenbidearekin dituen aldeak aztertzen ditu, hain zuzen. Ondoren, soziologiaren baitako diziplina gisa definitzen du politologia, eta fenomeno sozialen ezaugarri orokorrak aletzen ditu (haien izaera kolektiboak, objektiboak, orokorrak eta positiboak azaltzen ditu). Halaber, politologia “agintearen zientzia” gisa aurkezten du, hainbat terminoren adierak argituz: ahalmena, boterea, agintea, gobernua… Agintea zer den eta zein elementuk osatzen duten azaltzen du, azkenik. Gisa horretan, bigarren atalean, aztergai den zientziak zertaz jardun behar duen laburtzen da. Politologia zientzia gaztea izanik, definizioak berak dituen zailtasunez ohartzen da egilea, eta hasieran aipatutako ideia errepikatzen du Arregik: zientzia den heinean politologiak ez du esan behar gauzek nola izan behar duten, nolakoak diren baizik. Politika zientziak azter litzakeen intereseko gaiak ere aletzen ditu andoaindarrak: instituzioak, taldeen analisia, motibazioak… Azkenik, zientziaren mugak zein diren, non hasten eta amaitzen deiren zehazten du, baita erabiltzen dituen metodoak aurkeztu ere.

Hirugarren atala da liburuko mardulena, eta, bertan, “Politikaren pentsalari handiak” titulupean, Platonengandik hasita Rousseau-raino izan diren politikaren inguruko saioak sintetizatzen dira. Doktrina politikoak aurkezten ditu Arregik atal horretan; hainbat egileren doktrinak, hain zuzen ere: Platon, Aristotele, Aquinoko San Tomas, Makiavelo, Montesquieu, Hobbes, Spinoza eta Rousseau. Egileak azaltzen duenez, egile eta doktrina horiek ez ditu liburura ekartzen eredugarritzat hartzen dituelako, ezpada zientzia politikoak planteatzen dituen auzi gehienak doktrina horietan jasoak daudelako bere ustez, eta, beraz, obra horietatik abiatuta politikaren teorizaziora hurbil daitekeelako irakurlea.

150 orri eskaseko liburuaren asmo dibulgatzailea bistakoa da, antolamendutik hasita: sarreratik oso argi uzten ditu liburuaren edukia, helburua eta mugak. Irakurleari bidean laguntzeko, egitura oso argia du liburuak, eta kapitulu oso laburretan banaturik dago edukia, zenbakituta eta izenburu argiak jarrita. Prosari dagokionez, errazkeriara jotzen ez duen arren, esaldi laburrak darabiltza Arregik, konplexutasun sintaktiko handirik gabekoak. Orobat, euskaraz irakurtzera ohitu gabeko irakurlea du gogoan egileak, eta beldurrik gabe egiten die lekua maileguei, garbizalekeria saihestuz. Finean, esan liteke, formaz nahiz edukiz dibulgazio-asmoaren helburuen araberako obra dela Arregiren hau, aitzindaria dagokion generoan.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus