Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

SANTA GENOBEBAREN BIZITZA (1868)

Gregorio Arrue
Fco. Javier Rojo Cobos

Santuen bizitzak kontatzen dituzten liburuen beste adibide bat bezala aurkezten zaigu Gregorio Arruek (1811-1890) Santa Genobebaren bizitza izenburuarekin argitara eman zuen liburua.

Arruek eskaintzen duen kontakizuna Genobeba Brabantekoaren kondairan oinarritzen da. Legenda horren jatorria Erdi Aroan dago, baina XVII. mendean istorio hori Santa Genobebaren bizitzarekin gurutzatu zen, bi kontakizunak bat bakarra balira bezala. Kondairak arrakasta handia izan zuen XIX. mendean, erromantizismoaren eraginez, baita Euskal Herrian ere. Arrueren liburuaren lehenengo argitarapena 1868koa da, baina urte gutxian hainbat argitarapen izan zituen (1868tik 1885era bitarteko epean gutxienez lau egin zirela adierazten du Urkizuk); liburuak gure artean izandako arrakastaren seinalea eskaintzen du datuak. Mitxelenak adierazten duenez, bertsolarien inspirazio iturri ere izan zen.

Dena dela, kontuan hartu behar da liburua itzulpena dela, Arruek burututako beste hainbat lan bezala, 1868ko lehenengo argitalpen horretan hala adierazten ez bada ere. Akesoloren hitzetan: “Arruek berak egindakotzat 1868 [sic] argitara eman zuen…” (Akesolo 1987, 29).

Geroko argitalpenetan, ordea, jatorrizko kontakizunaren egilea zein den agertu zen: hain zuzen ere Kristobal Schmid, Christoph Von Schmid jatorrikoan, idazle alemaniarra (1768-1854), bere garaian haurrentzako liburuen idazle arrakastatsua izan zena. Genobeba Brabantekoaz idatzitako jatorrizko liburua 1810ean eman zuen argitara.

Argumentua honela labur daiteke, Akesoloren hitzetan:

“Andre ezkonberria da Jenobeba, ezkondu eta laster bizi-alargun bezala gelditua, senarrak etxetik alde egin bear izan duelako. Espaiñan zear moroak aurrera eta aurrera omen zetozten eta kondeak mugak zaintzera eta moroai atzera eragitera joan bear du. Eta andre gaztea an gelditu da jauregian bakarrik, Golo zerbitzari leialtzat zegoenaren, baina zital lizun saltzaille gertatuko denaren mende.

Jenobebak Goloren griñari gogor eusteko eramandako burruka; serbitzari saltzaille orrek konde senarrari emaztearen aurka biali dion gezurrezko salakuntza; kondeak salakuntzari siñistea eman eta bien bitartean kondesak izan duen semearekin batean amari eriotza emateko izenpetu duen epaia; ama-semeak il bear zituzten morroiek errukiturik, biak baso illun batean bizirik uztea; baso artan, sei zazpi urtez, uda eta negu, zorigaiztoko biek daramaten bizi errukarria, basauntz baten eznea eta inguruko belar, sustrai, marrubi eta olakoak beste janaririk etzutela, eta otso batek il-zorian utzitako bildots baten narrua, besterik ez soiñerako; senarra gerratetik etxeratu denean, Jenobebaren errurik-eza garbi agertzea; eta azkenez, kondea, bere jauregiko zaldunekin basoan eizean dabillela, senar emazte bien ustez uste gabeko alkar aurkitzea, eta geroko guztien, jauregikoen, guraso zarren eta konterri osoaren poza; guzti au ez zen nolanaiko gaia, eta aleman idazle erromantiko askotxorentzat bere bizikoa antzerkietara nai nobeletara eramateko.” (Akesolo, 1987, 22)

Istorioa jatorrian Erdi Arotik datorren legenda bat izan arren, santa baten bizitza balitz bezala ematen zaio irakurleari. Baina legenda batean oinarritzen den neurrian, legenda erromantikoek dituzten zenbait ezaugarri aurkezten ditu. Jon Juaristik bi ezaugarri azpimarratzen ditu: zehaztasun kronologiko falta eta elementu fantastiko eta efektisten erabilera (Juaristi, 1987, 67 eta hurreng.).

Lehenengoa dela eta, nahikoa da “Lenengo burua” delakoa nola hasten den irakurtzea:

“Fede egiazkoaren argi ederra zabaltzen Alemanian abiatu zanetik laster bizi zan Beljikan Duke andi, aberats prestu bat, Brabantekoa.” (Arrue 1987, 35)

Gertakarien garaiari buruz zenbait informazio ematen zaio irakurleari, baina informazioa ez da gehiegi zehazten, gehienez zeharkako erreferentzia historiko baten bidez azaltzen da, adibidez musulmanak Espainian sartu zirela esanez; horrela, irakurleak badaki, behinik behin, Erdi Aroko garai ez oso zehatz batean gertatzen dela istorioa. Horrez gainera, esanguratsua da lehenengo erreferentzia horrek erlijioarekin zerikusia edukitzea, lehenengo momentutik fedearen garrantzia markatzen baita kontakizunean. Alde horretatik ez da ahaztu behar jatorrizkoaren idazlea, Kristobal Schmid alegia, elizgizona izan zela.

Denbora igarotzen dela adierazko ere modu aski zehaztugabea erabiltzen da kontakizunean. “Bederatzigarren burua” atalean honela esaten da:

“Negu hura joan zan, uda etorri zan; ostera negua eldu zan, eta bizkitarte luze hura guzia gauza berririk gertatu gabe igaro zan. (Arrue, 1987, 73)

Genobeba eta semea basoan utzi zituztenetik urtebete pasatu dela adierazteko, urtaroen aldaketa aipatzen da. Horren antzekoa erabiltzen da, geroago, zazpi urte pasatu direla adierazteko:

“Len igarotako uda te [sic] negua bezela beste batzuek ere (zazpigarren neguraño) Jenobebak bere semearekin igaro zituen.” (Arrue, 1987, 89)

Denbora joan egin da, baina testuan urtaroen erreferentzia horiek egin ez balira, ez genuke jakingo hainbeste denbora igaro dela, diskurtsoan ez delako hala islatzen. Denbora, beraz, bai kronologiaren aldetik, bai iragan dela adierazterakoan, zeharka azaltzen da.

Denboran kokatze horrekin erlaziona daiteke gertakariak bizitza publikoaren eta pribatuaren artean kokatzeko planteatzen den harremana. Izan ere, pertsonaien bizitza pribatuan gertatzen den tragediak gertaera publikoetan dauka jatorria. Lino Akesoloren laburpenean irakur daitekeenez, Sigifredok emaztea uzten du musulmanen kontra gudukatzera joateko. Erreferentzia historiko hori gertakarien garaia zehazteko erabil daiteke, zeharka, bederen, horri esker gertakariak noiz gertatzen diren jakin baitaiteke. Halaxe adierazten da testuinguru historikoa:

“Zer da?, galdetu zion Kondeak beraganonz itsumustuan zertorkion zerbitzari bati. Gerra, Jauna, eranzun zion: Moroak Españiatik irten, Franzia guzitik ugolde bat bezala zabaldu, eta eriotz eta ondamendi andiak egiñaz alde oetaronz datoz.” (Arrue, 1987, 40)

Historiak dioena kontuan hartuta, istorioa, zeharka behintzat, VIII. mendean koka daiteke.

Horren ondorioz emaztea bakarrik gelditzen da gazteluan, eta, horrela, Golo zerbitzari leial ustezkoaren erasoak jasaten ditu. Gertakari horiek, ipuin miresgarriren batean gertatzen denaren isla diruditenek, ia ehun urte geroago Yon Etxaidek Alos-torrea nobelan kontatzen duena gogorarazten dute.

Baina bi plano horiek, gaztelu barruko bizitza pribatua eta gerrak inplikatzen duen historiaren presentzia, banatuta agertzen dira, eta aipatutako momentuan izan ezik, ez dute beste inolako harreman-punturik. Gerrak Sigifredo joan beharra bultzatzen duen aldetik bakarrik edukiko du eragina bizitza pribatuan. Horrek, ordea, ez du inolako eragina gertaera publikoetan.

Tradizioaren ikuspuntutik begiratuta, dagokigun liburuan berebiziko garrantzia du egiaren tratamenduak, horretan ere legenda-izaeraren aztarnak aurki baitaitezke. Hauxe dio 34. orrialdean:

“… ezen onek dakartzien gertakaririk andi edo prinzipalenak guziz guztiz egiazkoak dirala, eta gañera dauden apaiñgarri txikiai egiaren itxura ematen saiatu naizela” (Arrue, 1987, 34)

Egia tradizioaren bidez heldutako legendari dagokio, eta egiantza, literatura, alegia, egiazko legenda horren apaingarria besterik ez da. Beraz, tradizioa/historia oposaketa kontutan hartzen dugularik, Jon Juaristik dioenez, tradizioan oinarritzen diren idazlanok antihistorikoak dira:

“… la verdadera tradición está más allá de la historia: discurre en lo profundo de la fe y del sentimiento del pueblo como una corriente soterraña e insondable, cuyo sentido escapa al historiador y se ofrece únicamente al poeta y al místico.” (Juaristi, 1987, 68-69)

Lehen aipatu dugu zeharka jakin daitekeela noiz kokatzen ziren gertakariak eta zenbat denbora pasatzen zen. Izan ere, kontakizunean orotariko denbora moten adibideak azaltzen zaizkigu. Alde batetik, naturalezaren mugimendu ziklikoak dauzkagu; naturaleza ahitu eta birsortu egiten da urtaroen erritmoaren arabera, kontakizunaren denbora nola igarotzen den azaltzean ikusi dugun bezala, edo Genobebaren hitz hauetan ikus daitekeen moduan:

“Oraiñ negua dator; baiña neguaren ondoren udaberria etorriko da, eta onela urteoro izaten da.” (Arrue, 1987, 84)

Baina, denbora, naturalezaren gorabeherei begira, ziklikoa, eta, beraz, inorakorik gabea izanik ere, gizakien ikuspuntuaren arabera, progresibo bihurtzen da nolabait, helburu jakin batera eramaten duen kausalitate bitxi bat aplikatzen baita. Genobebak janariaren arazoa konpontzen duenean, hots, bizi den kobazuloaren ondoan hazitako kalabazetan ahuntzaren esnea bildu ahal duelarik, Jainkoari eskerrak ematen dizkio, hauxe esanez:

“Zuk txoritxoren bati kalabaz-azia onara erakarri ziñion, zure doaya non artua izan nezan.” (Arrue 1987, 70)

Aipamen horrek inportantziarik gabekoa eman dezake, baina horren atzean mundu-ikuskera interesgarria azaltzen zaigu. Gertakarien segida honela labur liteke: Jainkoak txoriren bat kalabaza hazira erakarri zuen, kalabaza sortu egin zen eta ahuntzaren esnea kalabaza horretan gorde ahal izan zuen, gertakari guztiek ezinbestez azken puntu horretaraino jo beharko balute bezala. Naturaleza ziklikoki mugitzen bada ere, gizakien ikuspuntutik ez da horrela ikusten. Gauzak ez dira ziklikoki gertatzen, kausalitatearen hariaz lotuta baizik, gizakien destinoa betetzeko behar diren lagungarriak eskainiz. Horrela, naturalezaren denbora ziklikoa helburu jakina daukan gizakien denbora lineal bihurtu da, Jainkoak bideratzen duen destinoa lagun. Eta Jainkoaren parte hartze horrek kausalitatearen norabidea markatzen du. Kausalitatea lineala da, denboran aurretik gertatzen dena kausatzat ikusten baita. Baina, kausa guztien atzetik, lehenengo kausa dago, besteren ondorioa ez dena. Horrela, denboraren gainetik eta denbora bera menperatuz, Jainkoa dugu, denborazko kausa guztien kausa atenporala, beti bat bera dena. Negua heltzean gertatzen diren aldaketak azalduz, honela diotso Genobebak bere semeari:

“… au ez da beste gauzarik ezpada emen lurrean gauza guziak aldakor eta aitzen diranak izatea; baiña Jainko ona guretzat beti lena bera eta betikoa da.” (Arrue, 1987, 83-84)

Laburbilduz, hauxe esan daiteke: naturan, denbora igarotzeak inplikatzen dituen aldaketak ziklikoki gertatzen dira, baina gizakien ikuspuntutik begiratuta, igarotze hori kausalitate lineal gisa ulertzen da. Bi denbora mota horien gainetik, Jainkoa dago, denbora-eza dei litekeen batean (ez baitu inolako aldaketarik jasaten) murgilduta, denbora bera, eta, beraz, aldaketa guztiak menperatzen dituelarik, bere nahiaren arabera. Eta denboraren igarotzea bera kontrolatzen duen Jainkoaren presentziak pertsonaien jokabidean askatasunerako leku txikia uzten du. Ikuspuntu horretatik azter daiteke Golo pertsonaiaren jokabidea, hau da, kontakizunean gaizkilearen papera jokatzen duenaren jokabidea. Golok Genobebari “pretensiorik lotsagarrienak” egin, baina ez zuen lortu emakumearen oniritzia. Ezezkoak emakumea gorrotatzera bultzatzen du Golo. Goloren jokabidea neurriz kanpokoa da, eta momentu batzuetan ero baten moduan portatzen da. Badirudi Golo bere grinen menpe dagoela; hau da, berak egoera menperatu beharrean, bera gainetik inposatutako zerbait zehaztu gabearen biktima ere badela, kontakizunaren azkenean, gaizki egina ordaintzen badu ere. Beraz, esan liteke Goloren eta Genobebaren arteko gatazka gainetik kontrolatutako gatazka handiago baten isla dela. Izan ere, kontakizunean denboratik kanpo dagoen “Ongiaren” eta “Gaizkiaren” arteko gatazkaren errepresentazioa egiten dela esan daiteke, hori bai, gizakiak adibidetzat hartuta eta gizakiengan gauzatuta.

BIBLIOGRAFIA

AKESOLO, Lino (1987): “Gregorio Arrue idazlearen Santa Jenobebaz zerbait”. Arrue 1987, 21-29.

ARRUE, Gregorio (1987): Santa Jenobebaren bizitza. Erein – Euskal Editoreen Elkartea. Donostia.

JUARISTI, Jon (1987): El linaje de Aitor. Taurus. Madril.

MITXELENA, Koldo (2001): Historia de la literatura vasca. Erein. Donostia. 122. orr.

URKIZU, Patri (ed.) (2000): Historia de la literatura vasca. UNED. Madril. 347. orr.

VILLASANTE, Luis (1979): Historia de la literatura vasca. Ed. Arantzazu. Burgos. 277-279. orr.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus