Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

BURUXKAK (1910)

Jean Etxepare, "Mirikua"
Ur Apalategi

Unamunok mundu modernoan bizitzeko euskaldunek euskara hiltzen utzi behar zutela esan eta denbora gutxira, zehazki 1903an, Jean Etxepare gerora Buruxkak bilduma osatuko zuten artikuluak idazten hasi zen Euskualduna agerkarian. Zergatik aipatu Unamuno? Bada, hainbesteko oihartzuna izan zuen Bilboko 1901eko Lore-Jokoetako diskurtso haren antitesia proposatzen duelako Etxeparek, eta gainera ekintzaz proposatu ere, hau da, apologismokeriatan sartu gabe.

1877an Argentinan sortu eta 1889tik aurrera Larresoroko seminarioan ikasitako idazlea, izatez eta egitez lehen euskal idazle modernoa zela esateko arrazoi zindorik bada, eta frogarik garbiena Buruxkak liburua bera da. Jakin badakigu, Bordelen medikuntza ikasi zuela “miriku” bihurtuko zenak eta bertako ikasle aldian, besteak beste, desliluraren erromantismo berantiarreko hainbat autore –batez ere pentsalariak, Nietzsche, kasurako– dastatu zituela. Esan daiteke bere baitan norbanakotasun atipikoaren eta joera konformistaren arteko talka etengabea ematen dela. Alde batetik, Ameriketan sortu eta sei urte zituela Euskal Herrira itzuli gizon kultu, hiritar, arrafinatu eta agnostikoa genuke; bestetik, garai hartako Iparraldeko gizarte moralki hertsian integratzeko gogo zinezko eta zintzoa erakusten duen “euskaldun ona”.  Bere nortasun bikoitzaren aurkia eta ifrentzua, Buruxkak, bere lehen euskarazko liburuan azaleratzen dira aurrenekoz eta azkenengoz. Ezen, liburuak sortuko duen iskanbila dela-eta, ez baitu sekula gehiago aukerarik izango bere alde atipikoa erakusteko.

Buruxkak generoz prentsa artikulua eta saiakera literarioaren arteko tarte horretan koka daitezkeen hogeita sei testuz osatuta dago. Askotan, Etxeparek gai tradizional samarrak lantzen ditu –pilota partida, tratulariak, euskal festa, etb.–, hori bai, beti begirada zorrotzaz eta idazkera ezin landuagoaz, ironia ardura tartekatzen delarik oharkabean. Tarteka, gai ez hain ohikoetan sartzen da –emakumeen hezkuntza hobetzeko beharraz ari da artikulu batean, medikuntzaren ikuspegi desliluratua aurkezten du beste batean, edota gogoeta sakon bat egiten du laborari kondizioaz hiru ikuspegi desberdin testu berean alboratuz (begirada folkloriko idealizatzailea, begirada errealista gordina eta intelektualaren goi-ikuspegia desmitifikatzen duen lagun batena, bururatzeko). Azkenik, liburuan zehar bi aldiz, irakurlego naturalaren igurikimen zerumuga erabat urratzen duten gaiak ukitzera ausartzen da, iritzi berritzaile eta probokatzailea emanez. 1903tik 1909ra bitartean Eskualduna aldizkari “xurian” argitaratuak dira bilduma osatzen duten testu guztiak, bi izan ezik. Hain zuzen, iskanbila gogoangarri bezain deitoragarri hura sortuko duten biak. Badirudi testu horiek kontrabandoan bezala sartu zituela bilduman, inor ohartuko ez zelakoan edo, behinik behin, jende gutxiagoren eskuartean ibiliko zen liburu batean sartuta aldizkarian agertu balira baino hauts gutxiago harrotuko zutelakoan.

“Nor eskola-emaile. Zer irakats” testuan hezkuntzaren kontzepzio laikoa aldezten du, itzuli-mitzuli ibili gabe, argudio sendoak emanez. Elizari hezkuntza ardurak kentzea proposatzen du –erlijioaren irakaskuntzak toki naturala horixe duela onartuz, halere–, gaia ezin minberagoa zen Iparraldean. Izan ere, Jules Ferryren legeek lehenik –1881 eta 1883 artean– eta Combes-enak ondoren –1905ean– Estatu frantsesean Eliza jokoz kanpo utzi nahi izan baitzuten, eta maiz hizkuntza “erregionalen” kaltetan egin baitziren aldaketa hauek. Liburuan aurkitzen den beste artikulu batean, bestalde, euskara zerbaitek salbatuko badu hezkuntzak salbatuko duela dio, etorkizuna aurreikusiz.

“Amodioa” testu funtsezkoan –gure literaturako lehen testu modernoa, dudarik gabe eta ohorez–, berriz, maitasunaz eztabaidatzen jartzen ditu Miarritzeko itsasbazterreko jatetxe batean, bazkaltiar gizon batzuk –gehienak hirian ikasten izanak, maila sozial handi samarrekoak eta ez baitezpada euskaldunak–, Platonen Banketearen berridazketa euskaldun aldi berean gordin eta arrafinatua proposatuz. Banan-banan, finezia narratologiko aparta erakutsiz eta umoreari uko egin gabe, euskal literaturan edo euskal munduan garai hartan indarrean dauden tabu nagusienetako batzuk –sexualitatea orokorrean (haurrik nahi ez izateko eskubidea bikoteentzat), homosexualitatea, berariazko alferkeria (jarrera sozial gisa), etb.– aipatzen ditu, iritzion ardura bazkaltiar metanarratzaileei utziz eta Umberto Ecoren terminologiari jarraiki, testu irekia eskainiz, hau da, interpretazio itxirik edo mugaturik onartzen ez duen idazkia.

Bi testu hauek liburuaren patua erabakiko dute. Etxepareren “lagun” idazleek liburua erretiratzeko “aholkua” emango diote, eta horrela desagertuko da zenbait hamarkadaz –literalki desagertu ere– gure literaturako lehen testu modernoa. Esan beharra dago, Etxeparerentzat drama pertsonala izatera iritsi zela gertakizuna emaztegai zuenarekiko haustura ekarri zuelarik, “mirikuaren” izen ona zikinduta geratu baitzen. 1936ean, autorea hil berritan eta polemika aspaldiko kontua baino ez zelarik, aita Lafittek Buruxkak-en berrargitalpena egingo du, baina bi testuotaz arindurik. 1980a itxaron beharko du euskal irakurleak berriro ere testu hauek dastatu ahal izateko.

Honen guztiaren ondorioz, Etxepareren ondoko ekoizpen literarioa jite tradizionalagokoa izan zela baiezta daiteke, ez baita gizona inoiz gehiago ausartuko ideologikoki zuzenetik kanpoko eremu debekatuetan ibiltzen. Lehen garaitik gordeko duena, aldiz, idazkera da, hau ere modernoa. Ingurumariko edo garaiko idazle gehienak ez bezala, Etxeparek euskara landu, arrafinatu eta zaila sortuko eta erabiliko du bere ibilbide osoan zehar. Ezin esan garbizalea denik, ezin esan herrikoia denik, beste zerbait da proposatzen duena: tradizio jatorrenetik abiatuta –euskal tradizio literarioaren ezagutza eta Iparraldeko kazetaritzak ondu duen tresna linguistikoa uztartuz– zehaztasuna eta sakontasuna lehenesten dituen hizkera literario aberatsa da darabilena, ideia konplexu eta berritzaileen zerbitzuan jartzeko. Esan daiteke, beraz, mamiak eta azalak bat egiten dutela bere egitasmoan. Urte batzuk beranduago Lauaxeta izango den moduan, euskal idazle elitistatzat jo dezakegu Etxepare, horretan ere aitzindari izan zelarik.

Modernitate literarioa oraindik existitzen ez den irakurlego batentzat idaztea bada, egunen batean idazkiak berak bere irakurlego ideala sortuko duen itxaropenaz, bada, “mirikua” idazle modernoa izan zen, euskaraz kontzientzia literario moderno batetik abiatuta eta hizkera zein gai modernoak zerabiltzala idatzi zuen lehen-lehen idazlea. Eta, bere irakurle ideal bihurtu zitekeen irakurlegoa –Iparraldeko apezgo jakintsua, bere “lagun” idazleak– bihurtu zitzaizkion borrero. Jakiteko dago oraindik modernitatearen lehen idazle madarikatuak eleberriak idatzi balitu zer bihurgune hartuko zukeen euskal literaturak, nahiz egia den literaturaren periferiara urruntzea bera –saiakeraren eremu labainkor eta ez hain ibilian sartuz– izan zela modernotasunaren ikurretako bat.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus