Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

AZCUE, RESURRECCIÓN MARÍA

(Lekeitio, 1864-Bilbo, 1951)
Iratxe Martin

Euskal literaturako idazle oparo eta polifazetikoa izan zen Resurrección Maria Azkue; Euskal Herriko eremu kultural nahiz intelektualean itzal handiko gizona. Amak, Carmen Aberasturi Uribarri mundakarrak, herri-jakintzaren ezaguera piztu zion semeari eta Eusebio Maria Azkue Barrundiak, hau da, aitak, poeta eta nautika eskolako katedruna izanik, literatura eta musikarekiko zaletasuna. Lekeitioko nautika eskolan bi urte igaro ondoren, Bizkaiko institutuan (Bilbo) batxilergo ikasketak 1878 eta 1881 urteen artean egin zituen. 1885era arte Gasteizko seminarioan Filosofia eta Teologia ikasketak amaitu bezain laster, Salamancara abiatu zen eliza-gaiak sakontzeko asmoarekin.

1888. urtea emankorra izan zen Azkueren bizitzan: apaizteaz gain, Lekeition bertan lehendabiziko meza emanda, Bilboko institutuan sortutako euskara katedra berria eskuratu zuen. Katedrako oposaketara beste bost pertsona aurkeztu ziren, tartean Miguel Unamuno eta Sabino Arana-Goiri. Hala ere, esan bezala, Azkuek Grankanton arrantzaleak euskarazko elezaharra eta euskal gramatikaren zati batzuk aurkeztuz, katedra bereganatu zuen. Urte bereko urrian, institutu probintzialean irakasle lanetan hasi eta horretan jardun zuen 1903ra arte. Irakaslea zen artean, irakasgaiak prestatzeko orduan euskarazko material-urritasunaz jabeturik, 1891n Euskal Izkindea argitara eman zuen, batez ere bere ikasleak gogoan zituelarik.. Gramatika elebidun horrek nazioarteko euskalaritzaren munduan Azkueren ezagutza ahalbidetuko zuen (Kintana 2002: 18).

Azkuek egin zituen euskararen aldeko eginkizunak garrantzi handikoak izan ziren. Horren erakusgarri dira Euskaldun Biltokia edo Bilboko Jardines kalean umeentzako eta helduentzako euskarazko ikastetxea sortu izana. Bestalde, apaiztu zen urte berean lagun batzuek lagunduta La Abeja izeneko aldizkaria argitaratzen hasi zen. Han plazaratu zuen, hain zuzen ere, Peru matraka ta Pedranton kontaketa lana. 1897an lekeitiarraren ardurapean euskara hutsean idatzitako Euskalzale aldizkaria jaio zen. Alabaina, 1899an gobernadore zibilak asterokoa elebidun bihurtzera behartu zuen Azkue. Hasiera batean, ebazpena bete zen idatziak euskaraz eta gaztelaniaz argitaratuz, baina 1900. urtean Azkuek aldizkaria bertan behera uztea erabakitzen du.

1902an, ordea, Evaristo Bustintza “Kirikiño”ren zuzendaritzapean Ibaizabal aldizkaria, bizkaieraz eta gipuzkeraz, kaleratu zuen. Bi urteko iraupena izan zuen. Aldizkari bi horiek lekeitiarraren beraren lanak argitaratzea bermatu zuten, hala nola, Txiristadak irakurkizun barregarriak edo Bein da betiko bizkaierazko elezaharra.

Tartean, Euskal Herrian herriz herri ibilita Azkuek bere hiztegia osatzen jarraitu zuen, hitzak eta esaerak, ipuinak eta gertakizunak, ohiturak eta sineskeriak biltzen. Hurrengo urteetan, lan ugari argitaratu zituen lekeitiarrak: Proyecto de Ortografía (1896); El Euskera o el Baskuenze en 120 lecciones (1897) euskaraz eta erdaraz; Método práctico para aprender el vascuence bizkaino y gipuzkoano (1896) Manual de Conversación (1901); Prontuario fácil para el estudio de la lengua vasca popular (1917); Diccionario de bolsillo vasco-español y español-vasco (1918) –lehenbizi Euskalzale aldizkarian argitaratuta–; Neologismos formados a imitación de otras lenguas (1929); Acerca del santoral vasco (1933); Gipuzkera osatua (1935); El vascuence y varias lenguas cultas. Estudio comparativo (1945) (Onaindia, 1974, 74-75-76).

Argitalpen horietaz gain, Azkuek eman zituen hitzaldiak ere asko izan ziren, hala nola, Euskal herri musikaz (1901); Euskararen zabalkunde eta euspenerako biderik egokienak (1904); Euskararen azentuaz (1904); Oinarrizko eskola Alemanian (1916); Euskal fonetikaz (1918); Euskal Semantika (1922); Tradizioa gure elizako herri musikan (1928), eta abar. (Arana 1993: 12).

Azkuek, musikarekiko zeukan zaletasuna zela-eta, euskal ikasketak musikakoekin tartekatu zituen, Bilbon, lehenengo, eta Paris, Brusela eta Kolonian, ondoren. Arlo horretan ere asko dira lekeitiarrak idatzitako lanak; bere lehendabiziko konposaketak, seminarioko koruaren zuzendaria zela, Salamancan egin zituen: Regina coeli, Miserere eta Meza bat. Baina horiek, teknikari dagokionez, bigarren mailako lantzat jo izan dira. Lehenengo konposaketak euskara hedatzeko asmoz idatzi zituen: Vizcaytik Bizkaira (1895); Eguzkia nora eta Sasi eskola (1897); Pasa de Chimbos eta Colonia inglesa (1898) eta Euskerazko eresiak (1897). Erlijio-kantak ere aipagarriak dira: Eleizarako eresiak (1897); Jesusen Bihotzari Oihuak (1899); Done Joseperi Bederatziurrena (1900), eta abar. Musikaren arloan, ordea, Azkueren urte emankorrenak oraindik heltzeko zeuden. 1904an, Kolonian, musika ikasketak amaitu zituen hirian, Daniel oratorioa eta Andra Urraka poema sinfonikoa sortzen ditu. Bilbora itzulita, hiru ekitaldiko Ortzuri (1911) opera eta Urlo (1914) opera musikatu zituen.

1912an, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Diputazioek antolatutako kantutegi lehiaketa irabazi zuen Vox Populi bildumari esker. Hartan, ahozko 1689 melodia eta 121 musika-instrumentutarako doinuak biltzen ziren. Handik urte batzuetara, 1922-1925 urte bitartean, Cancionero Popular Vasco izenburupean hamaika tomotan argitaratu zuen Bartzelonan. Kantu bilduma horretaz gain, Cancionero Selecto izenekoa ere badago “non 200 kantu eman zizkigun 1921ean ahots eta pianorako apainduak” (Arana 1993: 13).

Lau izan dira Azkueren berebiziko lanak mamiari nahiz egileak behar izan zuen denborari dagokionez. Esan bezala, Euskal Herrian zehar ibili zen herrietako tradizioak eta lexikoa biltzen;

“horregatik, hain zuzen ere, esan ohi da bildu aditza izan zela Azkueren hitz gakoa. Horren adibide ditugu haren Diccionario Vasco-Español-Frances (1905-1906), Morfología Vasca (1923), Cancionero Popular Vasco (1922) eta Euskalerriaren Yakintza (4 tomo) (1935-42-45-47) obra erraldoiak, guztiak lexikoa, hizkuntza formak, herri kantak, literatura ohiturak, etab. biltzeko ahaleginaren erakusgarri” (Salaberri 2002: 219).

1918an Bizkaiko Diputazioak lau probintzien artean euskal akademia sortzeko proposamena aurkeztu zuen. Urte berean, Oñatin Eusko Ikaskuntzak eratu zuen Biltzarrean onartu zen erakunde horren arautegia. 1919an, euskal Diputazioek arautegi hori onartu ondoren, Euskaltzaindia sortu zen Azkue euskaltzainburu izendaturik. Bere asmoenetako bat euskara normalizatzeko eredu estandar bat sortzea zen. Kintanak (2002: 149) esaten duen bezala “Azkuek aspalditik eskuartean zerabilen gipuzkoar kutsuko hizkeran idatziriko obra batzuk argitaratu zituen urte haietan: Prontuario fácil para el estudio de la lengua vasca popular (1917); Diccionario de bolsillo. Vasco-español y español-vasco (1918) eta Ardi galdua (1918) eleberria”. Honen ondoren, Latsibi irakurgaia argitaratu gabe utzi omen zuen (Onaindia 1974 84) eta hala egon zen 1989an Euskaltzaindiak plazaratzea erabaki zuen arte.

Beste lan lexikografiko handi bat argitaratzen hasi bazen ere, —Espainera-Euskara Hiztegia–, A letrako hitzari zegozkion koaderno batzuk baino ez ziren argitaratu Koldo Mitxelena Orotariko Euskal Hiztegia argitaratzen hasi aurretik.

Izugarrizko lana egin zuen Azkuek Euskaltzaindian, euskararen batasunaren alde jokatzeaz gain, euskalkiei buruzko egindako ikerketak ere ugari izan baitziren: Aezkera edo Petiriberro inguruetako mintzaira (1928); Erronkariko euskalkiaren berezitasunak (1932); Gipuzkoako aditza (1932); Euskalkiei buruz Aditz flexionarioa eta Erizkizundi Irukoitza (Arana 1993: 20).

Euskal Herrian ez ezik, Azkue musikari, apaiz, hizkuntzalari eta intelektualak beste leku askoan ere merezi zuen errekonozimendua lortu zuen. Izan ere, 1905etik Parisko Elkarte Linguistikoaren kide izan zen, 1922an Errusiako Zientzia Akademiako kide eta 1927tik aurrera Espainako Erret Akademiakide –RAE– izendatu zuten (Arana 1993: 19-20).

BIBLIOGRAFIA

ARANA MARTIJA, Jose Antonio (1993): “Resurreción Maria Azkue”. Bidegileak. 5. 1-20.

KINTANA GOIRIENA, Jurgi (2002): Vizcaytik Bizkaira? R. M. Azkue Euskaltzaindia sortu aitzin (1888-1919). Euskaltzaindia. Bilbo.

KINTANA GOIRIENA, Jurgi (2008): “R. M. Azkue: lehen euskaldun intelektuala?”. Jakin. 164 urtarrila-otsaila. 55-76.

ONAINDIA, Santi (1974): Euskal Literatura III. Etor. Bilbo.

SALABERRI MUÑOA, Patxi (2002): Iraupena eta lekukotasuna: Euskal Literatura idatzia 1900 arte. Elkar. Donostia.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus