Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

AZURMENDI, MIKEL

(Donostia 1942-)
Eneko Zuluaga

Donostiako Igeldo auzoan 1942ko abenduaren 10ean jaio zen Mikel Azurmendi Intxausti. 1960ko hamarkadaren hasieran sortu berria zen Euskadi Ta Askatasuna (ETA) erakundeko kide izan zen harik eta buruzagiek armak erabiltzea ebatzi zuten arte.

Parisko Sorbonan Filosofia eta Letrak ikasi ostean Euskal Herriko Unibertsitatean doktoretza-tesia defendatu eta bertan antropologiako irakasle-lanetan jardun zuen 2000. urtean Euskal Herria utzi eta Amerikako Estatu Batuetara joan zen arte, New Yorkeko Cornwell unibertsitateko irakasle.

1979an Gernikako estatutua biguntzat jota kritikatzetik 1990ko hamarkada amaieran espainiar eskuin politikoaren inguruko erakunde ezberdinetako sortzaile eta bozeramaile izatera heldu zen, hala nola, ¡Basta ya! edo Foro de Ermua. 1996-2000 urteen artean Espainiako presidente izaniko José María Aznarrek Gobernuaren Etorkinenak integratzeko Foruaren zuzendari izendatu zuen. Hellman-Hammett eta Elkarbizitzako IV. Saria eman zizkioten Human Rights Watch eta Foro de Ermua erakundeek, hurrenez hurren.

Azurmendiren literatur produkzioaz denaz bezainbatean, kritikak ez du bere lana bereziki nabarmendu izan. 1960ko hamarkadaren amaieran eta 1970ekoaren hasieran Gabriel Arestiren poesia-moldeen ildoko lanak kaleratu zituen, tartean Euskal hilobia (Lur, 1974) eta Orain borrokarenean (Lur, 1975) poemategiak.

Lehenengo eleberria Gauzaren hitzak (Ediciones Vascas, 1978) izenburupean argitaratu zuen. Alabaina, 1980ko hamarkadan eman zituen Azurmendik lan onenak: greziar mitologiari lotutako Kontu kontari Grezian barrena (La Primitiva Casa Baroja, 1985) ipuin-bilduma eta doktorego-tesiaren egokitzapena: Euskal nortasunaren animaliak (La Primitiva Casa Baroja, 1986). Honela definitzen zuen Jon Kortazar kritikoak liburua argitaratu eta urtebetera:

“Zer den liburu hau? Poesiaren ela irudimen munduetan barneratze benturosoa. Doktoradutza tesia poema bihurtzeko ahalegin eta lorpena. Mikel Azurmendik Euskal Herriak animaliei buruz dituen errefrau eta tradizioak bildu ditu eta gero, bere irakurketa eman.”

Literatura-lanak baztertuta, antropologia eta saiakera politikoaren inguruko obrak kaleratu ditu azken bi hamarkadetan, hala nola, El fuego de los símbolos. Artificios sagrados de la cultura vasca tradicional (La Primitiva Casa Baroja, 1988), Nombrar, embrujar. Para una historia del sometimiento de la cultura oral en el País Vasco (Alberdania, 1993), La herida patriótica. La cultura del nacionalismo vasco (Taurus, 1998), Y se limpie aquella tierra. Limpieza étnica y de sangre en el País Vasco (Taurus, 2000) edo Estampas de El Ejido (Taurus, 2001).

BIBLIOGRAFIA

ARMIARMA.COM: Literaturaren Zubitegia / Mikel Azurmendi.:

http://zubitegia.armiarma.com/egileak/00024.htm (2010-01-16an kontsultatua)

KORTAZAR, J. (1987): “Euskal nortasunaren animaliak”.. Eguna. 1987-06-18.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus